XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egunsentia kanalean

Hirurak aldera atera omen gara (egun guztia lauretan atera garela pentsatzen pasatu dut).

Ong Chu argi gabe atera da eta Alberto gutxirekin.

Lehenbiziko metroetan glaziareko izotz bizia aurkitu dugu eta bataz besteko ona egiteko hasiera kaxkarra izan da.

Gainera, jeitsiz ekin diogu bideari!

Ez dugu gauizar garbia eduki, triste ikusi dugu dendako ate izoztutik eta egun pobrea egin du ondoren.

Haizea atera du gora-bidea hartu eta berehala, elur hautsa harrotu eta hotza gordinduaz.

Beroak nekartzan hankak, baina freskatzen hasi zaizkit eta Alberto elur gainean kukildurik gelditu da, eskuak badijoazkiola esanez.

Nire eskularru beroak utzi dizkiot eta egunsentira artekoa gora bidean eustea jarri dut helburu, Albertok eskuak ez ezik animoa ere izoztua baitu.

Egunsenti hotzean jo dugu kanal handiaren barrenaldea eta Ong Chu eta Alberto gogotsu hasi dira tiraka.

Kanalerako sarrera garbirik ez ikusteak sortu ditu zalantzak, baina bertara joan eta ikusi bezalakorik ez dago bide zuzena aurkitzeko.

Alberto joan da hainbeste zalantza sortu dizkigun horma tentearen azpiraino, ezkerraldera metro batzuk egin eta goitik beherako ertz baten barrena gaindituz enbutu handi batean atera du burua.

Gorputzari buelta erdi eman eta hitzik esan barik pioletarekin egin didan keinua nahikoa izan da bide onean goazela adierazteko, une horretantxe, gero horrela baieztatu dit, garbi ikusi baitu tontorreko bidea.

Hortik aurrera indarrei eustea baino ez da izan kontua.

Goizeko zortziak inguruan izan da hori.

Enbutuaren barrenaldetik punta zorrotz bat ikusi dugu goiko aldean, eta haraxe heltzeko egin ditut kalkulu guztiak (denbora, atsedenaldiak, indarra, buruan antolatu beharreko pelikularen iraupena....).

Hankak aspaldi gogortu zaizkit; izan ere, oso noizean behin etorri zait gogora bizirik ote zeuden errebisioa egitea.

Eguzki apur bat hartuko lukete, baita nik neuk ere!!!

Hori bai, sustoa Albertok eman digu, Zaragozatik pasatu beharko duela deplauki botata.

Kontua da beti edo gehienean oso tarte handiarekin ibiltzen ohitua dagoela, eta hotza botinaren ingurura arrimatu zaionerako kakalarritu dela (hala ere gero serio-serio esan digu kristoren hotza pasatu duela!).

Gailurrera eramango gaituen korredore nagusiak ez du aparteko misteriorik:

zabala da, erdialdean zertxobait estutzen bada ere, ez da oso tentea, nahiz eta erdialdeko estu-une horretan, gainerakoan baino aldapa handixeagoa izan.

Eutsi egin behar zaio, batipat gu bezala behe xamarretik etorriz gero (azkenengo kanpamendua 7.600 metrotan).

Behetik ikusi dugun tontortxoaren azpira iritsi garenean hartu dugu walkia lehenengo aldiz.

Beherago ere deitzekotan egon gara, baina goizegi zelako edo behin martxa hartuta gelditzea gogorra delako, gelditu garenean haize katramilatsuak pakean utzi ez gaituelako...., kontua da goizeko hamaikak jo dizkigutela lehenengo bizi-seinalea eman orduko.

Fernando gizarajoa, inongo kulparik gabe horrenbeste sufritzen egon beharra ere!

Azken tontorra

Hamaiketako partea ondorengoa izan da:

- Tontorretik gertu izan behar dugula, gainean daukaguna ez bada (ordubete inguru) eskubialdean ikusten dugun ertz elurtuak emango duela tontorrera (2-3 orduko estimazioa)

- Oso nekatuta gaudela (hori ez da nobedadea)

- Hankak batipat, oso hotzak ditugula, gauza okerren bat pentsatzeko bestean.

- Ustegabeko handirik ezean, hurrengo deia gailurretik egingo dugula.

Pauso gutxi batzuk gehiago aurreratu bezain laster ikusi dugu benetako tontorra;

inongo zalantzarik gabe esan dugu horixe da, eta urruti ikusi badugu ere, ordubete inguruan egin dugu bertarainoko bidea.

Albertok tiratu du ia atzera begiratu ere egin barik;

zeharkako ezker eskuin batzuen ondoren azken piramidearen oinarriaren ezkerraldera jo du, eta handik eskuinerako joeraz azken 60 metro tente tenteak irabazi ditu, gailurreraino iristeko.

30 metro atzerago, sokaren beste muturrean, arnasa lasaiago hartzen saiatu naiz Albertoren erritmoari eutsi beharrik izan ez dudanean.

Bien bitartean, mendiaren gailur zorrotzari puska bat kendurik lekua egiten saiatu da.

Pauso batzuk gehiago eman ditut, hamabost metro inguru, Ong Chu ere azken metroak egitera animatu denean.

Neure txanda izan da hurrena eta pega-pega eginik, arnasa hartzeko ere lekurik gabe elkarri bostekoa eman diogu Lhotseko tontor zorrotzean.

Gure inguruan ikuspegia eta jeitsiera

Beheko bailaran eta inguruko tontor zorrotzen hegaletan laino txuri eta grisak ikusi ditugu, bukaerarik gabeko ertz zorrotzak, elurrak borobilduak, ezkerretara Everesteko Kangchung aldera doana, eskuinetara Nuptse aldekoa eta aurrez aurre Lhose Shar erakutsiko ziguna izan behar zuen, (...)